2008/02/09

TOLOSAREA BLOGAN IRAKURRITAKOA


Euskara ikaslearen dekalogoa
Otamotz-en, Urretxu eta Zumarragako Atari Digitalean, Pello Biain-en "Euskara ikasteko hamar aholku" irakurri ditugu eta "gureak" egitea erabaki dugu:1.- Lehenik eta behin, ikas ezazu euskara benetan ikasi nahi duzulako. Hala ez bada, koherentea izan zaitez eta ez ikasi, euskarak maitale libreak nahi baititu, ez menekorik. Eta euskara ikasi beharra baduzu, (lana, titulua...) ikas ezazu euskaraz egin nahi duten pertsonekiko errespetu eta maitasunagatik. Horixe izango da argudiorik onena erdaraz egin nahi duzunean errespetu eta maitasun berberak eskatzeko. 2.- Hurbil zaitez euskararengana aurriritzirik gabe, euskara beste edozein hizkuntza bezain ikasgarria eta mintzagarria baita: euskara ez da ez hobea, ezta txarragoa ere, ez da errazagoa ezta zailagoa ere: utz iezaiozu barreneraino sartzen oztoporik eta aurriritzirik gabe.3.- Eduki ezazu euskara (eta edozer) ezagutzeko jakinmina, jakinminez ezagutza gozagarri baita. Hala ez bada, euskara (eta edozer) aspergarria irudituko zaizu eta berehala gogaituko zara.4.- Uste osoa izan ezazu zeure buruan eta sinets ezazu benetan euskara ikasteko gai zarela, hau da, lehenago edo beranduago eta kosta ahala kosta, zureganatuko duzula. Uste oso honek indar handia emango dizu unerik zailenetan. Hala eta guztiz ere, eraman ezina egiten bazaizu eta sofritzen baduzu, uztazu eta lasai lo egizu.5.- Gogoz ikas ezazu euskara: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gogozkoago. Izan ere, euskara ikasteko bidean erdia atsegina da eta beste erdia ahalegina. Era berean, gutxi jakin arren, baloratu, gozatu eta handitu dakizuntxoa, horrela, euskara ez da izango falta zaizun zerbait, zure barruan haziz doan eta gero eta zureagotxoa den zerbait baizik.6.- Kontuan hartu milaka ariketa egin beharko dituzula, baina euskara paperean zimeltzea nahi ez baduzu, izan zaitez lotsagabe euskara ahoratzeko orduan eta bila itzazu lagunak euskaraz mintzatzeko, horrela bakarrik ikusiko baituzu aurrera egiten duzula.7.- EGA titulua edo eskuratu behar baduzu, ez ahaztu titulua lortu eta gero hasiko zarela benetan euskara ezagutzen eta zure barruan sendotzen eta bizitza osoa ez dela aski euskara (ezta erdara ere) osoki ikasteko. Eta ez zaitez harritu euskara ikasten duzunean erdara ere ikasten baduzu.8.- Sar zaitez beldurrik gabe euskararen munduan: literatura, kantak, bertsoak... eta ohartuko zara euskara esker onekoa dela: zuk euskarari bizia ematen badiozu, euskarak bizia emango dizu. Bizi ezazu euskara eta euskarak biziko zaitu.9.- Saia zaitez euskara ahalik eta ondoen mintzatzen, baina ez euskaraz perfektuki mintzatzen, perfekzioa jainkoen kontua baita. Erabil itzazu baliabide guztiak: hitzak ikusi, entzun, idatzi, asmatu, jolastu, sentitu, arnastu, laztandu...10.- Goza ezazu euskarak eta erdarak eskainiko dizuten askatasunaz, askatasuna hautatzeko ahalmenean bakarrik gauzatzen baita eta biek merezi dutelako zure askatasun eta maitasun mugagabeak.
Pello Biain: “Euskara ikasteko maitasunezko harremana izan behar duzu berarekin”
--------> JM 0 Iruzkin Etiketak: ,

No hay comentarios: